Selektibitatea: 2. parterako testuak   

BIGARREN PARTERAKO TESTUAK (1931-1982)

 

 

13. TESTUA: CLARA CAMPOAMOR DIPUTATUAK GORTE KONSTITUZIOGILEETAN EMANDAKO HITZALDIA (1931-09-01)

 

Utzi iezaiozue emakumeari den bezalakoa izaten, hura ezagutu eta epaitzeko; errespeta ezazue gizaki izateagatik duen eskubidea; (…) eta eskubide konstituziogilea, herri zibilizatuen arau juridiko gisa, gero eta hurbilago badago askatasunaren kontzeptutik, ez ezaguzue arrazoitzat aipatu izaki desberdinen arteko desberdintasunaren printzipio aristoteliko zaharkitua (…). Utzi iezaiozue emakumeari Zuzenbidean aritzen, hasieran hanka-sartzeak eta zalantzak izanda ere, horrela bakarrik heziko baita hartan.

(…) Konstituzio honen garaia eta espiritua kontuan hartuta, oso poztu nau mundu zibilizatuan orain arteko konstituziorik onena, libreena eta aurreratuena izango dela pentsatzeak. Gainera, nire ustez, behin-behineko Gobernuaren dekretuak monarkiako hogei mendek aitortu ez ziotena aitortuko dio emakumeari, Errepublika ezarri eta hamabost egunean. Uste dut hau izango dela emakumearen [sufragio] eskubidea onartuko duen lehen latindar herrialdea; lehen aldiz entzungo da latindar ganbera batean emakumearen ahotsa, emakumea bera bezain xumea, baina egiaren aurak ekarri nahi dizkiguna; eta harro-harro sentitzen naiz, nire Espainia izango baita emakumearen askatasunaren bandera jasoko duen herrialdea (…). Eta honela diotsuet, legegizonak: (…) ez ezazue onartu beste latindar nazio batek, datozen egunetan, guk baino lehenago ezartzea bere Konstituzioaren buruan emakumearen askatasuna, zuen kidearen askatasuna.

Espainiako Errepublikaren Gorte Konstituziogileen saioen egunkaria; 1931ko irailaren 1eko saioa.

 

 

14. TESTUA. FRONTE POPULARRAREN PROGRAMA (1936-01-16)

Alderdiak (…) berehala izango den hauteskunde lehian euren indarren koalizioari oinarri eta kartel gisa balioko dien plan politiko komuna adostera iritsi dira. (…) Koalizioan elkartutako alderdiek honako konpromiso hauek hartu dituzte:

Lege baten bitartez, 1933ko azaroaz geroztik egindako delitu politiko eta sozialen amnistia zabala ematera, auzitegiek halakotzat jo ez bazituzten ere (…)

Askatasunaren eta justiziaren defentsan, estatu errepublikanoaren eta bere erregimen konstituziogilearen funtsezko misio gisa, koalizioan elkartutako alderdiek Konstituzioaren agintea berrezarriko dute. (…)

Errepublikanoek ez dute onartzen lurra nazionalizatu eta nekazariei emateko printzipioa, alderdi sozialistako ordezkariek eskatutakoa. Baina komenigarritzat jotzen dituzte proposatzen diren hainbat neurri, esaterako, nekazarien berrerospena (…)

Alderdi errepublikanoek ez dituzte onartzen alderdi langileek proposatutako banka nazionalizatzeko neurriak; baina, bestalde, onartzen dute gure banka sistemak hainbat hobekuntza behar dituela (…).

Alderdi errepublikanoek ulertzen duten Errepublika ez da klaseen arrazoi sozial edo ekonomikoek zuzendutako errepublika, interes publiko eta aurrerapen sozialeko arrazoiek bultzatutako askatasun demokratikoko erregimena baizik. Baina arrazoi horrexegatik, politika errepublikanoak produkzioaren interes orokorrak uzten duen muga goreneraino igo behar lituzke langileen baldintza moralak eta materialak, muga horretatik kanpo pribilegio sozial eta ekonomiko guztien gainetik egon behar duten sakrifizioei begiratu gabe. Alderdi errepublikanoek ez dute onartzen alderdi sozialistaren ordezkaritzak eskatutako langileen kontrola.

El Socialista (Madril), 1936ko urtarrilak 16.

 

 

15. TESTUA. EUSKAL HERRIKO AUTONOMIA ESTATUTUA (1936-10-04)

Diputatuen Kongresuak honako LEGE hau agindu eta berretsi du:

1. art. Errepublikako Konstituzioaren eta Estatutu honen arabera, Arabak, Gipuzkoak eta Bizkaiak eskualde autonomoa osatzen dute espainiar estatuaren barruan eta “Euskal Herria” izena hartu du. Bere lurraldea aipatutako probintziek gaur egun osatzen dutena izango da eta horiek, aldi berean, modu autonomoan gobernatuko dira (…). Euskara, gaztelania bezala, Euskal Herriko hizkuntza ofiziala izango da (…).

5. art. Euskal Herriari dagokio bere lurralde autonomoaren barruko babes juridikorako eta ordena publikoa mantentzeko polizia erregimena ezartzea.

10. art. Euskal Herriaren botereak herrian sortzen dira eta Errepublikako Konstituzioaren eta Estatutu honen arabera erabiliko dituzte berak erabakitzen dituen organoek honako mugapen hauen arabera:

a) Eskualdeko organo legegilea (…) sufragio unibertsal, berdin, zuzen eta sekretu bidez (…) hautatuko da.

b) Organo betearazleak organo legegilearen konfiantza izan behar du eta presidentea izango da eskualdearen ordezkaria Errepublikarekiko harremanetarako (…).

Lehen xedapen iragankorra. Gerra zibilak eragindako ez ohiko baldintzek irauten duten bitartean, Euskal Herrian behin-behineko Gobernuak aginduko du Estatutu honetan xedatutako eskumen guztiekin. Behin-behineko Gobernu horretako lehendakaria Estatutua promulgatu ondorengo zortzi egunen barruan izendatuko dute euskal udalak osatzen dituzten eta euren botoa askatasunez eman dezaketen herriak aukeratutako zinegotziek (…). Behin-behineko Gobernuko lehendakariaren hautaketa Bizkaiko gobernadore zibilak egiaztatuko du (…). Horrela hautatutako lehendakariak behin-behineko Gobernuko kideak izendatuko ditu eta horiek ez dira bost baino gutxiago izango (...)

Gaceta de Madrid, 281. alea, 1936ko urriaren 7koa. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 1. alea, 1936ko urriaren 9koa.

 

 

16. TESTUA. BIZKAIAN ETA GIPUZKOAN KONTZERTU EKONOMIKOAK EZEZTATZEKO LEGE-DECRETUA (1937-06-23)

Euskal herriko probintzietan ekonomia arloan indarrean dagoen sistema itunduak pribilegio nabarmena du erregimen arruntari lotutako gainerako lurralde nazionalarekiko, baina ez probintzia horietako Aldundiek arlo horretan duten autonomia zabalagatik bakarrik, probintzia horietako zergapekoak karga publikoak altxatzeko egin behar duten ahalegin txikiagoagatik baizik (...).

Kontzertua mesedegarri izan zuten askok ahaztu egin zuten botere publikoak eman zien zarrastelkeria eta, Gipuzkoan eta Bizkaian, armak hartu zituzten uztailaren 17an abiarazitako Mugimendu Nazionalaren aurka eta traizioz erantzun zioten salbuespenezko eskuzabaltasunari (...).

Zerga eta administrazio erregimenaren berezitasunak bere izaera nazionala eta Aberriaren patu komunarekiko atxikipenaren suhartasuna gero eta gehiago goraipatzeko balio izan du hainbat probintziatan, esaterako, Nafarroa txit leialean. Beste batzuetan, aldiz, Espainiaren aurkako politika baldarra egiteko balio izan du eta zirkunstantzia horrek (…), kalte larriak eragiteko tresna gisa erabili zuten sistemari amaiera jartzera behartzen du.

Gogoeta beraien arabera, Arabako probintzian gaur egun indarrean dagoen sistemak jarraitu egin behar du (…).

Horren kariaz, honako hau xedatzen dut:

Lehen artikulua. Datorren uztailaren batetik aurrera, estatuko kontribuzio, errenta eta zerga arrunt eta berezi guztien kudeaketa eta bilketa Gipuzkoa eta Bizkaia probintzietan egingo da, indarrean dagoen erregimen erkidearen arabera (…). Beraz, indargabetuta geratuko da lehen adierazitako datatik aurrera ekonomia arloan Aldundiekin itundutako eta gaur egun indarrean zegoen erregimena.

Burgosen, mila bederatziehun eta hogeita hamazazpiko ekainaren hogeita hiruan. Francisco Franco

Boletín Oficial del Estado, 1937ko ekainaren 24koa.

 

 

17. TESTUA: ERANTZUKIZUN POLITIKOEN LEGEA (1939-09-02)

(…) Gobernuak (…) uste du unea iritsi dela Erantzukizun Politikoen Lege bat emateko, beren egite edo ez-egite larriekin matxinada gorria gorpuzten lagundu zutenek alde horretatik dituzten erruak kitatzeko balioko duena (…)

Halako zigorrak ezartzeaz arduratuko diren auzitegietako kideak Armadako, Magistraturako eta Falange Española Tradicionalista y de las J.O.N.S.-eko ordezkariak izango dira (…)

1. art. Erantzule politiko deklaratzen dira 1934ko urriaren 1etik 1936ko uztailaren 18ra bitarte Espainiari jasanarazi zitzaion era guztietako asaldura eragiten edo areagotzen lagundu zuten pertsona fisikoak nahiz pertsona juridikoak, eta orobat bigarren data horretatik aurrera, beren egintza batzuekin edo gelditasun larriarekin, Mugimendu Nazionalaren kontra aritu direnak edo daudenak.

2. art. Aurreko deklarazioaren ondorioz (…) legez kanpo gelditzen dira 1936ko otsailaren 16an hauteskunde-deia egin zenez geroztik Fronte Popularra osatu duten alderdi edo talde politiko eta sozial guztiak, eta orobat harekin bat egin duten edo atxiki zaizkion alderdi eta taldeak hori egin izan hutsagatik, erakunde separatistak eta Mugimendu Nazionalaren Garaipenari kontra egin dioten guztiak.

3. art. Legez kanpo deklaratutako alderdi, talde eta erakundeek osotara galduko dituzte era guztietako eskubideak eta ondasun guztiak

Boletín Oficial del Estado, 1939ko otsailaren 13a.

 

 

18. TESTUA: NAZIO-INTERESEKO INDUSTRIAK BABESTEKO LEGEA (1939-10-25)

Espainiak bere historiako krisirik larriena gainditu behar izan zueneko Gurutzada loriatsuan, agerian gelditu zen nazioaren bizitzarako zeinen garrantzi handikoa den gerrarako behar dituen industriak eta ezinbesteko lehengaiak bere lurraldean izatea.

Gure ekonomia dagoen egoeran egonik, bestalde, beharrezko da ahaleginak egitea Espainia produktu arrotzen inportaziotik askatzeko, halakoak gure nazioaren lurraldean ekoitzi edo fabrikatu daitezkeenean.

Gaur arte ez denez lortu, barne merkatuak aukera emanik ere, ekimen partikularraren bidez premia horiek asetzea, beharrezko ikusten da nazioaren interes bereziko diren halako industriak ezartzeko laguntza ematea, funtzionamendu normala ziurtatuko dieten bermeak eta onurak eskainiz.

Hori dela eta, XEDATZEN DUT:

2. art. Defentsaren edo nazio-ekonomiaren premien ondorioz beharrezko ikusten bada Espainian industria bat ezartzea, eta hartarako ekimen partikularra sustatu beharra baldin badago, “nazio-intereseko” deklaratu ahal izango da industria hori, dagozkion txosten tekniko eta ekonomikoak egin ondoren.

2. art. “Nazio-intereseko” deklaratutakoan, industria batek honako onura hauetaz gozatu ahal izango du, hamabost urterainoko epean:

a) Industria hori jartzeko behar diren lurrak nahitaez desjabetzeko ahalmena.

b) Zergak murriztea, % 50eraino.

c) Estatuak urteko gutxieneko etekin bat bermatzea, % 4rainokoa, haren kapitalari. Atal honen arabera bermatutako kapitala ezin izango da, guztira, sei milioi pezeta baino gehiago.

d) Aduana-eskubideetan beherapena egitea instalazioetarako makineria eta lanabesak inportatzean, Espainian fabrikatzen ez direnean.

2. art. Onura horien trukean, estatuak esku hartuko du industria ezartzean eta haren martxan, kontu-hartzaile bat eta kontseilari-ordezkari bat izendatuta, etete-ahalmendunak; aukera izango du, orobat, instalazioak bere teknikariekin balioesteko.

6. art. Enpresa emakidadunak, sozietatearen egonkortasuna eta martxa ekonomikoa ziurtatutakoan, etekinei uko egin ahal izango die, eta hirugarren artikuluan adierazitako esku-hartzetik libre geldituko da.

Boletín Oficial del Estado, 1939ko urriaren 25a.

 

 

19. TESTUA: EUROPAKO MUGIMENDUAREN KONGRESUAK 118 ORDEZKARI ESPAINIARREN PROPOSAMENEZ MUNICHEN HARTUTAKO ERABAKIA (1962-06-07/08)

Europar Mugimenduaren Kongresuak, Munichen 1962ko ekainaren 7an eta 8an bilduta, iritzi dio edozein herrialdek Europan sartu nahi badu, izan atxikita edo izan elkartze bidez, herrialde horrek erakunde demokratikoak izan beharko dituela; horrek, Espainiaren kasuan, Gizakiaren Eskubideei buruzko Europar Konbentzioaren eta Europako Gizarte Gutunaren arabera, hau esan nahi du:

1. Benetan ordezkaritza bidezkoak eta demokratikoak diren erakundeak eratzea, eta erakunde horiek bermatzea gobernua herritarren onespenean oinarritzen dela.

2. Pertsonen eskubide guztiak egiazki bermatzea; bereziki, norberaren askatasunari eta adierazpen-askatasunari buruzkoak, gobernuaren zentsurarik gabe.

3. Erkidego naturalen izaera berezia aitortzea.

4. Oinarri demokratikoen gainean, askatasun sindikalak baliatzea, eta langileek beren oinarrizko eskubideen defentsa egitea; besteak beste, greba-eskubidearen bidez.

5. Iritzi-korronteak eta alderdi politikoak antolatzeko aukera izatea, oposizioaren eskubideak aitortuta.

Kongresuak itxaropen sendoa du aurreko oinarri horien araberako eboluzioak aukera emango duela Espainia Europan sartzeko, haren funtsezko osagaia baita; eta adierazgarritzat dauka Kongresuan partaide izan diren espainiar ordezkari guztiek adierazi izana seguru daudela espainiar ordezkari gehienek nahi dutela eboluzio hori zuhurtzia politikoaren arauen arabera egitea, egoerak aukera ematen duen bezainbesteko azkartasunarekin, denen zintzotasunarekin eta eboluzio-prozesuaren aurretik, prozesuan bertan nahiz prozesuaren ondoren bortxakeria aktibo nahiz pasiboari uko egiteko konpromisoarekin”.

Munich (Alemaniako Errepublika Federala), 1962ko ekainaren 8a.

 

 

20. TESTUA. ESTATUAREN LEGE ORGANIKOA (1967-01-11)

Orain arte promulgatutako legeek erakunde antolamenduek eskatzen dituzten gai gehienak hartzen dituzte.(…). Iritsi da estatu nazionala erakundetzea amaitzeko une egokia (…). Horren kariaz, (…), honako hau xedatzen dut:

1. art. I. Espainiar estatua, erresuma gisa eratutakoa, erkidego nazionalaren erakunde gorena da.

2. art. I. Subiranotasun nazionala bakarra eta zatiezina da eta ezin da ez ordezkatu ez laga.

II. Espainiar estatuaren erakunde sistema botere batasunaren eta funtzio koordinazioaren printzipioetan oinarritzen da.

3. art. Honako hauek dira estatuaren oinarrizko xedeak: Espainiako gizonen arteko eta lurren arteko batasunaren defentsa; nazioaren osotasuna, independentzia eta segurtasuna mantentzea (…). Hori guztia Mugimendu Nazionalaren Printzipioen inspirazioarekin eta haiekiko leialtasun zorrotzenarekin (…), bere izaeraz, iraunkorrak eta aldaezinak direnak.

6. art. Estatuburua da nazioaren ordezkari gorena; berak erabiltzen du botere politiko eta administratibo gorena; Mugimenduaren Buruzagitza Nazionala du eta Mugimenduaren eta Erresumako gainerako funtsezko legeen printzipioak zehaztasunez betetzen direla zaintzen du (…); legeak promulgatu eta berresten ditu (…); lehor, itsaso eta aireko armaden gaineko aginte gorena du; (…); bere izenean administratzen da justizia; grazia eskubidea erabiltzen du; enpleguak, kargu publikoak eta ohoreak ematen ditu, legeek xedatutakoaren arabera; ordezkari diplomatikoak kreditatu eta hartzen ditu eta Erresumako Funtsezko Legeen arabera dagozkion ekintza guztiak egiten ditu (...)

14. art. I. Gobernuburuak espainiarra izan behar du eta estatuburuak izendatuko du Erresumako Kontseiluak proposatutako hirukotetik hautatuta.

Boletín Oficial del Estado, 1967-01-11.

 

 

21. TESTUA: BAIONAKO HITZARMENA (1945-03-31)

Euzkadik Frantzian dituen erakunde politiko eta sindikalek, Euzkadiko Gobernuarekin batuta Francok bideratutako mugimendu iraultzailearen aurka heroikoki borrokatu zutenek, honako hau adierazi nahi dute, etorkizuneko berezitasun ideologikoei uko egin gabe:

1. Altxamendu militarra zela-eta, indarrak batu zituztela 1936ko uztailaren 18an abiarazitako ekintza gauzatzeko, eta batura hori berretsi egin dutela. Batura hura era organikoan islatuta geratu zen 1936ko urriaren 7an, Euzkadiko Gobernua osatu zenean, Errepublikako Gorteek bozkatutako Estatutuaren arabera. Gobernu haren lehendakaria José Antonio Aguirre jaun txit gorena da.

2. Gobernu horretan konfiantza osoa dutela eta beharrezko laguntza eskainiko diotela, euskal herriaren bidezko ordezkari gisa, haien helburu politiko eta sozialak jasotzen baditu, betiere.

3. Normaltasun demokratikoa berriz ezarritakoan, euskal herriak askatasunez adieraziko dituen nahiak errespetatu eta defendatuko dituztela.

4. Euzkadiko Gobernuak egin beharreko lana aholkatu, prestatu eta babestuko duen erakunde aholku-emailea eratuko dutela, gerraren ondorioz euskal lurraldetik kanporatu dituen demokraziaren aurkako erregimena desagertzean. Erakunde horren funtzionamendua araudi egoki baten bidez arautuko da.

5. Penintsulako herri, alderdi politiko eta erakunde sindikal guztiekin batera borrokan jarraituko dutela, Francoren gobernuaren, Falangearen eta beste edozein diktadura-erregimenaren aurka, baita demokraziaren kontrako eta monarkiaren aldeko beste mugimendu guztien aurka ere.

 

 

22. TESTUA: ANTONIO AÑOVEROS BILBOKO GOTZAINAREN SERMOIA (1974-02-24)

Euskal Herriko biztanleen bizikidetzari eta gure elizbarrutiari kalte gehien egiten dien arazoetako bat euskal gatazka izenez ezaguna da. Zertan datza arazo hori?

Oinarri-oinarrizkoa bakarrik aipatuta, honela azal daiteke: zenbait herritarrek, bakoitzak bere ñabardurekin bada ere, euskal herria zapalduta dagoela baieztatzen dute eta haren eskubideak aitor daitezen eskatzen dute; beste herritar batzuek, ordea, errefusatu egiten dute salaketa hori, haserre, eta egoera aldatzeko saio guztiak gizarte-sistemaren aurkako eraso larria direla aldarrikatzen dute. (…)

Euskal herriak berariazko ezaugarri kultural eta espiritualak ditu, eta horien artetik nabarmentzekoa da milaka urte dauzkan hizkuntza. Ezaugarri berezi horiek berariazko nortasuna ematen diote herriari, egun Espainiako estatua osatzen duten herrien artean.

Espainiako estatuko gainerako herriak bezalaxe, euskal herriak ere eskubide osoa du berezko nortasuna mantentzeko, bere ondare espirituala lantzeko eta garatzeko, inguruko herriekiko truke osasungarriari kalterik egin gabe, bidezko askatasuna aitortuko dion antolamendu soziopolitiko baten barruan.

Baina, egungo egoeran, euskal herriak eskubide horretaz gozatzeko oztopo latzak ditu. Euskararen erabilera mugatua dago, nabarmen, maila guztietako irakaskuntzan eta komunikabideetan (prentsa, irratia, telebista). Adierazpen kulturalak ere bereizketarik gabe kontrolatzen dituzte.

Elizbarrutiaren egoera zehatz honetan, Kristoren salbamena iragartzeko eta gogora ekartzeko, Elizak aholkua eta adorea eman behar ditu, behar bezala aldatzeko (…) gure herriko egoerak (…).

Antonio Añoveros, “El cristianismo, mensaje de salvación para los pueblos”, 1974ko otsailaren 24an Bizkaiko elizetan irakurritako sermoia.

 

 

23. TESTUA. 1978KO ESPAINIAKO KONSTITUZIOA (1978-12-29)

Juan Carlos I.a Espainiako erregeak honako hau ikusi eta ulertzen duten guztiei honako hau jakinarazten die: Gorteek honako konstituzio hau onartu dutela eta espainiar herriak berretsi egin duela:

1. art. Espainiak zuzenbideko estatu sozial eta demokratikoa osatzen du eta askatasuna, justizia, berdintasuna eta politika aniztasuna aldarrikatzen ditu bere antolamendu juridikoaren goi mailako balio gisa.

2. Subiranotasun nazionala espainiar herriak du eta bertan dute jatorria estatuaren botereek.

3. Espainiar estatuaren forma politikoa parlamentuzko monarkia da.

2. art. Konstituzioa espainiar guztien aberri erkide eta zatiezina den Espainiaren batasun zatiezinean oinarritzen da eta osatzen duten nazionalitate eta eskualdeen autonomia eskubidea eta haien guztien arteko solidaritatea aitortu eta bermatzen du.

66. art. 1. Gorte Nagusiek ordezkatzen dute espainiar herria eta Diputatuen Kongresuak eta Senatuak osatzen dute.

98. art. 1. Presidenteak, presidenteordeek, baldin badira, ministroek eta Legeak xedatzen dituen gainerako kideek osatzen dute Gobernua.

117. art. 1. Justiziak herrian du jatorria eta botere judiziala osatzen duten epaile eta magistratuek administratzen dute erregearen izenean. Epaile eta magistratuak independenteak, ezin kenduzkoak eta arduratsuak dira eta Legearen mende bakarrik daude.

143. art. 1. Konstituzioaren 2. artikuluan onartutako autonomia eskubidea erabiliz, ezaugarri historiko, kultural eta ekonomiko erkideak dituzten probintzia mugakideek (…) autogobernua izan dezakete eta Autonomia Erkidegotan eratu daitezke, titulu honetan eta dagozkien estatutuetan aurreikusitakoaren arabera.

XEDAPEN GEHIGARRIAK. Lehena. Konstituzioak foru lurraldeen eskubide historikoak babestu eta errespetatzen ditu. Foru erregimen horren eguneratze orokorra Konstituzioaren eta Autonomia Estatutuen esparruan egingo da, egitekotan.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA. 2. Indarrean egon bazitekeen ere, behin betiko indargabetutzat jotzen da 1839ko urriaren 25eko legea, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiari eragin diezaiekeen guztiari dagokionez. Era berean, behin betiko indargabetutzat jotzen da 1876ko uztailaren 21eko legea.

Gorteek onartutakoa 1978ko urriaren 31n. Erreferenduma abenduaren 6an. Boletín Oficial del Estado, 1978ko abenduaren 29.

 

 

24. TESTUA. EUSKAL HERRIKO AUTONOMIA ESTATUTUA (1979-12-18)

Juan Carlos I.a Espainiako erregeak honako hau ikusi eta ulertzen duten guztiei honako hau jakinarazten die: Gorte Nagusiek organiko izaerarekin onartu dutela honako lege hau eta nik berretsi egiten dudala:

1. art. Euskal Herria, bere naziotasunaren adierazpen gisa eta bere autogobernua lortzeko, Autonomia Erkidego gisa eratu da espainiar estatuaren barruan, Euskadi edo Euskal Herria izenarekin, eta Konstituzioarekin eta bere oinarrizko erakunde araua den Estatutu honekin bat etorriz.

2. art. 1. Arabak, Gipuzkoak eta Bizkaiak, eta baita Nafarroak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko kide izateko eskubidea dute.

2. Euskal Autonomia Erkidegoa Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia probintzien gaur egungo mugekin bat datozen Lurralde Historikoek osatuko dute eta baita Nafarroak ere, bertan sartzea erabakitzen badu (…).

3. art. Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Historiko bakoitzak bere antolamenduari eta autogobernurako erakunde pribatiboei eutsi diezaiekete edo, bere kasuan, berrezarri eta eguneratu ditzakete.

6. art. 1. Euskara Euskal Herriaren hizkuntza propioa da eta, gaztelania bezala, hizkuntza ofiziala izango da Euskadin. Gainera, Euskadiko biztanle guztiek dute bi hizkuntzak ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea.

17. art. 1. (…) Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeei dagokie (…) lurralde autonomoaren barruan pertsonak eta ondasunak babesteko eta ordena publikorako Polizia autonomoaren erregimena antolatzea. Estatuko Segurtasun Indar eta Gorputzak arduratuko dira Autonomia Erkidegoaz kanpoko eta gaindiko polizia zerbitzuez.

XEDAPEN GEHIGARRIA. Estatutu honetan xedatutako autonomia erregimena onartzeak ez du esan nahi Euskal Herriak uko egiten dienik historiaren kariaz legozkiokeen eskubideei, antolamendu juridikoak xedatutakoaren arabera eguneratu ahal izango direnei.

Madrilgo Errege Jauregian, mila bederatziehun eta hirurogeita hemeretziko abenduaren hemezortzian.

Adolfo Suarez Gonzalez gobernuburua.