Selektibitatea

LEHENENGO PARTERAKO TESTUAK (1808-1930)

 

1. TESTUA. CADIZKO KONSTITUZIOA (1812-03-19)

Fernando VII.a, Jainkoaren graziaz eta Espainiako monarkiaren konstituzioaz Espainiako errege denak eta, haren faltan eta gatibutasunean, Gorte Nagusiek eta bereziek izendatutako Erregetzako erregeordetzak, honako hau ikusi eta ulertzen duzuen guztioi jakinarazten dizue: Gorte beraiek honako hau agindu eta berretsi dutela:

1. art. Espainiako nazioa bi hemisferioetako espainiar guztien batasuna da.

3. art. Subiranotasuna nazioan dago eta, arrazoi beragatik, nazioari bakarrik dagokio funtsezko legeak ezartzeko eskubidea.

8. art. Espainiar ororen betebeharra da estatuko gastuetan bere ondasunen arabera laguntzea.

12. art. Espainiako erlijioa katoliko, apostoliko eta erromatarra da eta izango da, egiazkoa den bakarra. Nazioak lege jakintsu eta bidezkoekin babesten du eta beste edozein praktikatzea debekatzen du.

14. art. Espainiako gobernua monarkia moderatu heredagarria da.

15. art. Legeak egiteko ahalmena Gorteek eta erregeak dute.

16. art. Erregeak du legeak betearazteko ahalmena.

17. art. Auzi zibil eta kriminaletan legeak aplikatzeko ahalmena legeak ezarritako auzitegiek dute.

371. art. Espainiar guztiek dute euren ideia politikoak idatzi, inprimatu eta argitaratzeko eskubidea, argitalpenaren aurreko lizentzia, berrikuspen edo onarpenik gabe, legeak xedatutako mugapen eta erantzukizunen pean.

Cadizen, 1812ko martxoaren 19an.

 

 

2. TESTUA. PERTSIARREN MANIFESTUA (1814-04-12)

JAUNA:

Antzinako pertsiarren ohitura zen erregea hil ondoren anarkiaz beteriko bost egun igarotzea, hilketa, lapurreta eta beste hainbat zorigaiztoren esperientziak ondorengoarekiko leialagoak izatera behartu zitzaten. Espainia BMri hala izateko ez zuen behar halako saiakuntzarik zure gatibutasunak iraun duen sei urteetan. BM arbasoen tronura itzulita ikusteaz pozten diren espainiarretatik, begirunezko adierazpen hau Espainiako ordezkari-izaerarekin sinatzen dutenak dira (…)

Monarkia absolutua (…) arrazoiaren eta adimenaren lana da: jainkoaren legearen, justiziaren eta estatuko funtsezko legeen mende dago: konkista-eskubidearen bitartez edo euren erregeak aukeratu zituzten lehen gizakien borondatezko menekotasunaren bitartez ezarri zen. Horregatik, subirano absolutuak ez du ahalmenik bere agintea arrazoirik gabe erabiltzeko (jainkoak berak ere eduki nahi izan ez zuen eskubidea); horregatik zen beharrezkoa botere subiranoa absolutua izatea, bere mendekoei denen interesekoa zaintzen duena agintzeko eta hori nahi ez dutenak obeditzera behartzeko (…).

Eskatu behar dugun erremedioa, gure botoak, eta gure probintzienak, paperean jarriz, Espainiako lege, foru, usadio eta ohituren araberakoa da. (…) Xede horrekin bil daitezela Gorteak handitasunez eta antzinakoak egin ziren bezala (…): bertan behera utz daitezela Konstituzioaren ondorioak eta Cadizen xedatutako dekretuak eta Gorte berriek kontuan har ditzatela haren deuseztasuna, injustizia eta desegokitasunak (...)

Madrilen, 1814ko apirilaren 12an.

 

 

3. TESTUA. MENDIZABALEN DESAMORTIZAZIO DEKRETUA (1836-02-21)

BM ERREGINA GOBERNADOREARI EMANDAKO AZALPENA

Andere: Nazioaren jabego bihurtu diren ondasunak saltzea ez da emandako hitza betetzea eta errenten produktuaren amortizazio berdinaren bitartez zor nazionalari berme positiboa ematea soilik; zorion publikoaren iturri oparoa irekitzea da; hildako aberastasuna berpiztea da; industriako eta zirkulazioko kanaletako oztopoak kentzea da; herrialdeari bertako gauza guztiekiko maitasun natural eta sutsua itsastea da; aberria zabaltzea eta aberriarekin bat egiteko lotura berri eta sendoak sortzea da; azken batean, ordenaren eta askatasunaren ikurra den Isabel II.aren tronu gorenarekin identifikatzea da. Ez da merkataritzako espekulazio hotza, ezta kreditu eragiketa ere (...); animazio, bizi eta zorioneko elementua da Espainiarako. Horrela azaldu badezaket, bere politika pizkunderako osagarria da.

Nazioak dagoeneko eskuratuta dituen ondasunen salmenta egiteko eta bere emaitza materialerako BMren onespen agurgarriaren pean jartzeko ohorea izango dudan dekretuak, zor publiko handiaren kopurua murrizteko onura sortu behar du eta beharrezkoa da bai bere joeran, bai bere helburuan eta bai emaitza hura lortzeko erabiliko dituen bitartekoetan, jabe familia oparoa sortzeko goi mailako ideian lotzea eta bat egitea eta haren gozamenak eta existentzia batez ere goi mailako instituzioen erabateko garaipenean bermatzea.

Gaceta de Madrid, 1836ko otsailak 21.

 

 

4. TESTUA. BURDINBIDEEN LEGE OROKORRA (1855-06-06)

Isabel II.a (…) Espainiako Erregina: honako hau ikusi eta ulertzen duzuen guztioi jakinarazten dizue: Gorteek honako hau agindu dutela eta guk berretsi dugula:

4. artikulua. Zerbitzu orokorreko trenbideen eraikuntza Gobernuak egiaztatu ahal izango du eta, bestela, partikularrek edo konpainiek.

6. artikulua. Partikularrek edo konpainiek ezingo dute trenbiderik eraiki (…) dagokion emakida eskuratu ez badute aurretik.

8. artikulua. Zerbitzu orokorreko trenbideak eraikitzeko funts publikoen laguntza jaso daiteke: 1. Beraiekin obra jakin batzuk egikarituz; 2. Enpresei aldi jakin batzuetan inbertitutako kapitalaren zati bat emanaz (…); 3. Kapital horien truke gutxieneko interes edo interes finkoa bermatuz (…).

19. artikulua. Trenbideen eraikuntzan erabiltzen diren atzerriko kapitalak edo xede horretarako maileguak estatuaren babespean eta gerraren ondoriozko errepresalia, konfiskazio edo bahimenduetatik libre geratuko dira.

20. artikulu. Trenbide enpresa guztiei ematen zaizkie honako hauek: 1. Trenbideak hartuko dituen jabari publikoko lursail guztiak (…); 2. Auzotasuneko onura egur, larre eta gainerakoen aprobetxamendurako (…) enpresetako langileentzat eta lanetan erabiltzen diren garraioko animalien mantenurako; 3. Trenbidearen aldameneko lurretan (…) harrobiak irekitzeko ahalmena (…); 4. Bidesari eta garraio eskubideak (…) jasotzeko ahalmen esklusiboa; 5. Eraikuntzak irauten duen bitartean eta hamar urte geroago arte, (…) lehengaiek, (…), makinek, (…), egurrak, kokeak eta atzerritik inportatu behar den material finko eta mugikor guztiak ordaindu beharreko muga zergan adierazitako eskubideen baliokidea ordaindu beharra (…)

30. artikulua. Trenbideak honako baldintza hauen arabera eraikiko dira: 2. Trenbidearen zabalera metro bat eta 80 zentimetrokoa izango da (Gaztelako 6 oin eta 6 hazbete).

Aranjuezen, 1855eko ekainaren 3an . – Ni, Erregina.- Francisco de Luxan, Sustapen Ministroa.

Gaceta de Madrid, 1855eko ekainak 6.

 

 

5. TESTUA. 1839KO URRIAREN 25EKO LEGEA

Isabel II.a, jainkoaren graziaz eta Espainiako monarkiaren Konstituzioaz Espainiako errege denak eta, bere adingabetasunean, bere Ama Agurgarria den Maria Cristina de Borbon Erregina alargunak, Erresumako Erregina Gobernatzaileak, honako hau ikusi eta ulertzen duzuen guztioi jakinarazten dizue: Gorteek honako hau agindu dutela eta Guk berretsi:

1. art. Euskal probintzietako eta Nafarroako foruak berresten dira, monarkiaren batasun konstituzionalari kalterik egin gabe.

2. art. Gobernuak, aukera izan bezain laster eta Euskal probintziei eta Nafarroari entzun ondoren, lehen aipatutako foruetan haien interesa aldarrikatzen duen nahitaezko aldaketa proposatuko dio Gorteei, nazioaren eta Monarkiaren Konstituzioaren interes orokorrarekin bat eginez eta, aldi baterako eta lehen adierazitako moduan eta zentzuan, sortu litezkeen zalantzak eta eragozpenak ebatziz eta Gorteei horren berri emanaz.

Nik, Erregina gobernatzaileak.- Erreginak eskuz sinatuta – Jauregian, 1839ko urriaren 25ean.

 

 

6. TESTUA. 1876KO UZTAILAREN 21EKO LEGEA

Alfonso XII.a, jainkoaren graziaz Espainiako errege konstituzionala denak, honako hau ikusi eta ulertzen duzuen guztioi jakinarazten dizue: Gorteek honako hau agindu dutela eta guk berretsi dugula:

1. art. Legeak deitutakoan arma zerbitzura joateko eta norberaren ondasunen proportzioan estatuko gastuetan laguntzeko betebeharrak ezarri dizkie Konstituzioak espainiar guztiei eta betebehar horiek, eskubide konstituzionalak hedatzen diren bezala, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako biztanle guztiei hedatuko zaizkie, nazioko gainerako biztanleei bezalaxe.

2. artikulua. Aurreko artikuluan xedatutakoaren kariaz, aipatutako hiru probintziak behartuta daude (…), armadako soldadualdi arrunt eta berezien kasuan, Legeen arabera dagokien gizonezko kupoa aurkeztera.

3. artikulua. Era berean, (…) Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako probintziak behartuta daude estatuko aurrekontu orokorretan esleitutako kontribuzio, errenta eta zerga arrunt eta bereziak ordaintzera, dagokien proportzioan eta gastu publikoetarako erabiltzeko.

4. artikulua. Gobernuari baimena ematen zaio, dagokion egunean Gorteei berri emanaz, 1837ko irailaren 19ko eta 1841eko abuztuaren 16ko legeak eta urte bereko urriaren 29ko dekretua kontuan hartuz, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko probintzien onespenarekin eta egokitzat jotzen badu, lehengo foru araubidean eskatzen dituzten erreforma guztiak onartzeko, Euskal Herriko herrien ongizaterako nahiz nazioaren gobernu onerako eta segurtasunerako badira.

Jauregian, 1876ko uztailaren 21ean.- Ni, Erregea.- Antonio Canovas del Castillo Ministro Kontseiluko Presidentea.

Gaceta de Madrid, 1876ko uztailak 25.

 

 

7. TESTUA. 1876KO KONSTITUZIOA (1876-06-30)

Alfonso XII.a, jainkoaren graziaz Espainiako errege konstituzionala denak, honako hau ikusi eta ulertzen duzuen guztioi jakinarazten dizue: gaur egun bildutako Erresumako Gorteekin batera eta haiekin bat etorriz, honako hau agindu eta berretsi dugula:

Espainiako Monarkiaren Konstituzioa

11. art. Erlijio Katoliko, Apostoliko eta Erromatarra da estatukoa. Nazioak kultuari eta bere ministroei eutsi behar die.

Espainiako lurraldean inor ezingo da eragotzi ez bere iritzi erlijiosoengatik ez bere kultua praktikatzeagatik, baldin eta kristau moralari zor zaion errespetua gordetzen bazaio.

Ez dira baimenduko, ordea, estatuko erlijioarenak ez diren jende aurreko beste zeremonia eta adierazpenak. (...)

13. art. Espainiar orok du eskubidea:

Bere iritzi eta ideiak askatasunez adierazteko, ahoz, idatziz, inprimaketaz edo antzeko beste prozedura batez baliatuz eta aurretiko zentsurari lotu gabe.

Bakean biltzeko.

Giza bizitzako xedeetarako elkartzeko (…).

18. art. Legeak egiteko ahalmena Gorteek eta Erregeak dute.

19. art. Gorteak ahalmen bereko bi gorputz legegilekidek osatzen dituzte: Senatuak eta Diputatuen Kongresuak.

20. art. Senatua norberaren eskubideko senatariek osatzen dute; Koroak izendatutako biziarteko senatariek; estatuko korporazioek eta zergapeko handiek hautatutako senatariek (…).

28. art. Legeak finkatzen duen metodoaren bitartez hautatu eta berrautatu ahal izango dira diputatuak (...).

50. art. Erregeak du legeak betearazteko ahalmena (…)

75. art. Monarkia osoan zehar kode berberek aginduko dute, zirkunstantzia jakin batzuen ondorioz legeek xedatzen dituzten aldaketei kalterik egin gabe. Epaiketa arrunt, zibil eta kriminaletan foru bakarra ezarriko da espainiar guztientzat (...)

Madrilen, 1876ko ekainaren 30ean.

 

 

8. TESTUA. JOAQUIN COSTAREN OLIGARQUÍA Y CACIQUISMO LANAREN PASARTEA (1901)

Honen bitartez, gobernu mota hau osatzen duten faktoreak eta bakoitzak gainerakoekiko okupatzen duen posizioa erabakitzen ditugu.

Hiru dira kanpoko osagai horiek: 1. Talde bakoitzeko oligarkak (primate deiturikoak), gizon itzaltsuak edo gailenak, euren "buruzagitza" osatzen dutenak eta, oro har, erdialdean bizi direnak; 2. Lehen, bigarren edo goragoko mailako jauntxoak, lurraldean sakabanatutakoak; 3. Komunikazio organo eta tresna lana egiten dien gobernadore zibila. Funtsean horixe da bere atsekabearen azpian amore emandako eta ahuldutako nazio osoari intziri eginarazten dion trikimailu guztia.

Oligarka eta jauntxoek osatzen dute klase gidari edo gobernatzaile deitzen dioguna eta 'alderditan' banatuta eta sailkatuta dagoena. Baina deitzen badiogu ere, ez da horrela; horrela balitz, nazioaren zati eta bere ordezkari organiko izango litzateke. Baina gorputz arrotza baino ez da, zergak ezarri eta kobratzeko, ministerioak, kapitaintzak, telegrafoak, trenbideak, bateriak eta gotorlekuak indarrean hartutako atzerritar talde bat izango litzatekeen bezala.

Hauteskundeetan (…), ez da herria bozkatzea faltsifikatu eta sistema galbidera eramaten duena, klase kontserbadoreak eta gobernatzaileak baizik. Horretarako, euren posizioaz, aberastasunaz eta masak zuzentzeko eman zitzaien aginteaz eta botereaz baliatzen dira.

Joaquin Costa, Oligarquía y caciquismo como la forma actual de gobierno en España, Madril, 1901.

 

 

9. TESTUA. FEDERICO ECHEVARRIAREN HITZALDIA LIBREKANBISMOARI ETA PROTEKZIONISMOARI BURUZ (1893-12-09)

Ez, hemen gertatzen den gauza bakarra zera da, Espainiaren eta Alemaniaren arteko itun tamalgarriaren ondorioz, proiektua atzera botako dela, eta deseginik geldituko dela egungo aduana-zergen araubidea ezartzeko egindako lan handia. Eta jokabide horrek zoritxar handia ekarriko dio herrialdeari, dudarik gabe; ez bakarrik aurrekari zorigaiztoko bat ezarriko duelako, etorkizuneko zeinahi industria-ekimen hondatuko lukeena, baizik eta, orobat, zauri hilgarria eragingo liekeelako lantegiei; bai egungo muga-zergen araubidearen babesean altxatu direnei, halakoak baitira gehien-gehienak, bai lehendik altxatuak zirenetan egin diren erreforma eta zabaltze handiei. Eta industria-jarduera horren guztiaren heriotzak, ohar gaitezen, hauek guztiak harrapatuko lituzke: Labe Garaietan, galdaragintzako eta makinak egiteko instalazio berriak; altzairu-ekoizpena; Deustuko Lantegietan, altzairu moldekatuak eta trakzio-makinak eta -materiala egiteko saila; Aurreran, hodi-funtzio oso garrantzitsuak, eta altzairu-lanak; Zorrotzako tailerretan eta Miraballeskoetan, zubi, bagoi eta eraikinak egiteko lanak eta galdaragintza (…) eta beste asko eta asko, luze joko bailiguke orain denak aipatzeak. Ez aipatzeagatik, jaun-andreok, berebiziko garrantzia duten fabrika-proiektuak —izenik ezin dut eman—, 1982ko aduana-zergak jarraitzearen baitan baitago haiek gauzatzea edo ez.

Hain ondorio lazgarriak saihesteko, hainbesteko hondamena saihesteko, Bizkaia ez ezik Espainiako beste eskualde oso garrantzitsu batzuk ere hartuko bailituzke eta eragina izango bailuke nazio osoan, tinko eskatu behar diogu Gobernuari ez dadila araubidetik urrundu, ez dezala halako modu zalapartatsu eta gupidagabean suntsitu gaur egungo babes-sistema, eta, beraz, bazterrera utz dezala espainiar-alemaniar itun zentzugabe hori.

Merkataritza Itunen kontrako mitin-protesta, Bilbon, 1893ko abenduaren 9an. Bilbon, 1894.

 

 

10. TESTUA: VICENTE BLASCO IBÁÑEZEN EL INTRUSO ELEBARRIAREN PASARTEA (1904)

“Peoien etxea” zen, meatze-mendietako aterpetxe ziztrina, eta jornalariak han bizi ziren, pilatuta. (…)

Arestik zulo hartan igarotako gauetan pentsatu zuen, tristuraz beteta. Peoiak abailduta iristen ziren, egun osoa ematen baitzuten barrenatzeko makinek ateratako blokeak apurtzen, bagonetak harritzarrez betetzen, mea-biltegira eramaten eta mea-biltegitik ekartzen. Babarrunak, patatak eta bakailao edo urdail pixka bat pixka bat afalduta, gelaxka hartan egiten zuten lo, izerdiz edo euriz bustitako jantziak soinean zituztela; botak bakarrik eranzten zituzten; jaka ere bai, batzuetan. Eskuez uki zitekeen sabai haren azpian, airea ez zen mugitzen, eta ordu gutxi batzuk igaro ostean, ezin arnastuzkoa bilakatzen zen, hainbeste gorputzen lurrunak loditua eta zikinkeria-usainez josia. Kamainen tolesetan, egurrezko junturetan nahiz sabaiko zuloetan bizi ziren bizkarroiak ehizara ateratzen ziren, beroak suspertuta, eta nekeak eraginda lozorroan zeuden gorputz bizigabeekin anker jokatzen zuten, iluntasunaren babesean. Gau ekaiztsuetan, zirrikitu eta arrailetatik sartu eta batetik bestera ibiltzen zen haizea, etxezuloa behera botatzeko zorian. Halakoetan, gorputz jantzi eta kirasdunak elkarren bila aritzen ziren, beroa lortu nahian. Izerdiak elkartu egiten ziren eta arnasak nahasi; zikinkeria anaiartekoa zen. (…)

Harrobia zen langile asaldatzaileen etsairik gogorrena. Lurpeko meazuloetako arriskuei aurre egiteko, maisutasuna beharrezkoa zen, hortaz, ez zen erraza hango langileen ordezkoak bilatzea, irakatsi egin behar baitzitzaien ofizioa. Baina Enkarterri emankorretan burdinak mendiak osatzen ditu: ustiaketa kanpoaldean egiten da; harria atera, jaso eta eraman, ez da besterik egin behar; zulatu eta apurtu, ereiteko lurretan bezalaxe. Goseak bultzatuta, etengabe iristen ziren peoiak, multzo handitan, eta gehiegikerien aurka protestaka lanpostua utzi zutenak ordezkatzen zituzten, ahaleginik egin gabe. Gizonen etorrera etengabea eteten ez bazen, Enkarterrietako langileak behin eta berriz ordezkatzen bazituzten, zaila zen lan hark merezi zituen eskubideak eskuratzea.

Vicente Blasco Ibáñez, El intruso, Valentzia, 1904.

 

 

11. TESTUA. EUSKELDUN BATZOKIJAREN ESTATUTUAK (1894)

1. artikulua: Euskeldun Batzokija izenarekin, (…) Bizkaiko Jaun Goikua eta Lagi-Zarra leman jasotako doktrinen jarraitzaile diren herritarren arteko batasun eta adiskidetasun loturak sortzea helburu duen aisiarako zentroa sortu zen Bilbo hirian.

2. artikulua: Behin Bizkaiko Elkarte Nagusia sortzen denean, Bizkai-Batzar deituko dena Arana eta Goiri-tar Sabinok idatzitako estatutuak izango dituena, Euskeldun Batzokija haren mende geratuko da (…).

3. artikulua: Jaungoikua. Bizkaia katolikoa, apostolikoa eta erromatarra izango da bere barruko bizitzako adierazpen guztietan eta gainerako herriekiko harremanetan.

4. artikulua: Lagizarra. Bizkaia askatasunez birsortuko da. Foru izeneko bere lege tradizionaletan jasotako funtsezkoena osotasunean berrezarriko du. Gure arbasoen usadio eta ohitura onak berrezarriko ditu. Erabat ez bada ere, gehien bat, euskal arrazako familiez osatuko da. Euskara izendatuko du hizkuntza ofizialtzat.

5. artikulua: Eta. Ordena erlijiosoaren eta politikoaren eta gauza jainkotiarren eta gizatiarren arteko harmonia perfektuaren eta adostasunaren gainean ezarriko da Bizkaia.

6. artikulua: Jaungoikua eta Lagizarra bereiztea. Ordena erlijiosoaren eta politikoaren, eklesiastikoaren eta zibilaren arteko bereizketa argi eta markatuaren gainean ezarriko da Bizkaia.

7. artikulua: Jaungoikua Lagizarraren aurretik jarriko da. Politikoak erlijiosoarekiko eta Estatuak Elizarekiko erabateko eta baldintza gabeko mendekotasunaren gainean ezarriko da Bizkaia.

8. artikulua: Bizkaia, bere arraza, bere hizkuntza, bere fedea, bere izaera eta bere ohiturak kontuan hartuta, Araba, Nafarroa Beherea, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoaren arreba izanik, sei herrialde horiekin elkartu edo konfederatuko da Euskalerria izeneko (Euskeria) multzoa osatzeko, baina bere autonomia partikularra batere murriztu gabe.(…).

Bizkaitarra (Bilbo), 1894-05-24.

 

 

12. TESTUA. LA LUCHA DE CLASES ASTEKARIKO ARTIKULUA (1896-05-23)

Bizkaiko Langileei

(...) Bizkaiko meatzeetako langileak maiatzaren 1ean bildu ziren Gallartako frontoian eta manifestazio zaratatsuak egin zituzten meatze eskualde hartako erregetxoek derrigorrezkotzat jotzen zituzten kuartel eta dendak mantentzearen aurka. Gainera, botere publikoei edo haien ordezkariei haiek berehala eta erabat desagerrarazteko eskatuko zien batzordea eratu zuten. (...)

Meatzeetako langileak greban altxatu ziren 1890ean, lanaldia murriztea eta derrigorrezko barrakoi eta dendak kentzea aldarrikatuz. (…)

Gaur egun, onerako edo txarrerako, 1890ean ezarritako lanaldiarekin jarraitzen da, baina derrigorrezko barrakoi eta dendei dagokienez, lehenengo grebaren aurreko egoeratik oso hurbil daude meatze zona guztian.

Bizkaian, legeak gutxietsiz eta mendeko izaera liberala murriztuz, nahitaezko baldintza da lanean onartua izateko, etxe ez higienikoetan bizitzea eta janariak, onak edo txarrak (ia beti txarrak eta eskandaluzko prezioetan), denda jakin batzuetan erostea.

Hori, gure iritziz, horrenbeste aldiz eskatzen den lan askatasunari egiten zaion eraso larria, osasun eta higiene legeei egiten zaien iraina eta, batez ere, inongo gobernu kultuk onartu behar ez lukeen gizakiaren aurkako zapalkuntza da.

Baina Bizkaiko meatzeetako langileek, esklabotasun berri eta higuingarriaren ikur diren derrigorrezko kuartel eta dendak desagerrarazteko, grebarako legezko eskubidea aldarrikatuko dute, gobernuak eta agintariek benetako krimenak egiten dituzten kontzientziarik gabeko zapaltzaileen aseezintasunari muga jarri behar zaionik uste ez badute ere.

La Lucha de Clases (Bilbo), 1896-05-23.